HAIKA: NUEVA OPERACION CONTRA LA IZQUIERDA ABERTZALE.
      Información publicada en Gara el 7 de marzo de 2001.


      «Euskal Herri mailan dugun estrategiaren aurka joan nahi dute»

      Haikaren eledun den Yves Matxikotek Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan atzo izan ziren hamabost atxiloketak erakundeak nazio eraikuntza mailan martxan jarri duen estrategiaren aurkako operazio baten barruan kokatu zituen. Jarrera hau aspaldikoa den arren, atxiloketak gauzatzeko espainiar Gobernuak momentu egokiena hautatu duela gehitu zuen, hau da, maiatzaren 13ko hauteskundeen kanpaina baino lehen.

      Yves MATXIKOTE | Haikako eleduna

      Atzokoa ez da Haika mugimenduaren aurkako lehendabiziko erasoa. Kriminalizazioaren bitartez gazte erakundearen irudia zapaldua izan dela gogorazi zion GARAri Yves Matxikote eledunak. Atzoko erasoaren benetako helburua «Euskal Herri mailan gazte mugimendua prestatzen ari den proiektuaren aurka jotzea da», nabarmendu zuen.

      Zein interpretazio egiten duzue atxiloketen inguruan?

      Haika sortu aitzina, jadanik bagenuen beren asmoen berri. Hau da, Haika gazte mugimendua kriminalizatzea jendearen aitzinean, gazteengan Haikarekiko beldurra edo presioa eragiteko. Izan ere, hastapen honetatik, haien jomugan ez zegoen bereziki Haika mugimendua, Euskal Herri mailan mugimendu honek islatzen duen estrategiaren aurka joan nahi zuten. Gure mugimendua sortu zenetik Euskal Herria guhaurek eraikitzen aritu gara espainiar eta frantziar estatuei deus galdetu gabe. Estrategia honen bidez, estatu hauek pausaturiko muga horiek hausten hasi gara, gutxinaka-gutxinaka Euskal Herria altxatzeko. Hori argi ukan dute hasieratik.

      Beraz, oraingo honetan zuek martxan jarri duzuen estrategia hori kriminalizatu nahi izan dutela iruditzen zaizue?

      Ez da Haikaren aurkako kriminalizazioa bakarrik, Euskal Herriko beste hainbat sektorek ere jasan behar izan dute Espainiaren jarrera hori. Lehenago izan ziren Xaki, Ekin, Zumalabe edota AEKren aurkako operazioekin, sektore guztiak ukitu dituzte. Kultur edo politika alorre- koak izan, sektore guztiak kriminalizatuak izan dira. Irekitzen duten bide honetan, argi ikusten da Euskal Herria kontuan hartzen duten erakunde edo ideia guztiak zigortu nahi dituztela. Ez dute altxatzea Euskal Herria nazio bezala nahi.

      Haikak nazio eraikuntzaren norabidean irekitako prozesua oztopatzen saiatzen ari dira?

      Haikak bai kultura mailan, bai politika mailan bizi iraupen hori ziurtatzen du. Politika eta kultura mailan errepresioaz baliatzen hasi zirenean, ziurra zen azkenean gazte mugimenduaren aurka joko zutela. Haika oztopatuz, nolabait Euskal Herriaren geroa blokeatzen dutela uste dute. Horretaz gain, astelehenean Aznarrek «Espainiaren geroa Euskal Herrian jokatzen da» esan zuen, eta esaldi honek Espainiak bizitzeko Euskal Herria behar duela islatzen du. Horregatik dena eginen dute gure nazio eraikuntza oztopatzeko.

      Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hauteskundeekin loturarik dagoela uste al duzu?

      Atxiloketa hauek espainiar Estatuaren estrategia orokorrean kokatzen direla uste dugu. Eta ziur gaude hauteskundeek badutela estrategia horrekin zerikusirik. Momentu egokiaren zain egon dira ekintza hau gauzatzeko. Horretaz gain, Haikak Amaiur prozesua finkatu berri du. *

      Ainize BUTRON

      ¿En Euskal Herria se prepara una revolución? a la página principal